Arkaitz Astiazaran abentura zalea: “Arreta jarriz gero, edozein tokik du xarma”

**** Urtarrilean Aikor aldizkarian egindako elkarrizketa
aikor
t: Gaizka Eguzkitza / a: A. A.
Arkaitz Astiazaran kirolaria eta abentura zalea da. Ezaugarri horiek abiapuntutzat hartuta, aurreko udaberrian bizikleta hartu zuen eta Euskal Herriko errepideetara atera zen, gure herriak dituen altxorrak ezagutu eta grabatzeko asmoz. Bere esperientzia batzen duen dokumentala –Euskal Herriko altxorretan barrena– Lezaman izan dugu ikusgai hilabete honetan.
Zein izan da momenturik onena eta txarrena?
Onena San Engrazia herrian izan zen, Zuberoan. Bidaia bukatzeko zorian nengoen eta oso lasai nenbilen, lan ikaragarria eginda nuelako: bidaia bera, grabaketa, argazkiak… Leku oso lasaia eta ikusgarria da. Beste alde batetik, egunik txarrena euriak Nafarroan harrapatu gintuenean izan zen. Normalean euria egiten zuenean, ez nintzen bizikletaz ibiltzen: alde batetik, bidaia disfrutatzeko egiten nenbilelako; eta bestetik, irudiak eta grabaketak euriarekin txarto ateratzen direlako. Baina egun haretan, nahiz eta euria egiteko arriskua egon, ateratzea erabaki nuen eta Goñiko bailaran harrapatu ninduen euri zaparradak. Lekua oso polita da, baina egun horretan disfrutatu baino, sufritu egin nuen.Zein izan da gehien harritu zintuen lekua?
Izki Parke Naturala, Kanpezu inguruan, Araban. Ez da oso leku ezaguna baina ederra da, bai horixe.

Gure orografia oso aldapatsua da. Fisikoki ez da gogorregia bizikletaz egiteko?
Bai, beti gora eta behera ibili behar duzu. Agian, salbuespena Erriberan dugu. Uste baino aldapa gogorragoak topatu nituen. Baina horrek paisaia ezberdinak ikusteko aukera eman zidan, baita monotonia apurtzeko ere. Eta sasoian jartzeko erarik onena ere izan zen (kar, kar).

Nolako planifikazioa egin zenuen? Erabat itxita zenuen dena?
Bidaia ezagutzen nituen lekuen arabera antolatu nuen: lehenik eta behin, Gipuzkoa, nire ingurukoa; gero Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Iparraldea.

Nolakoa zen egun arrunt bat bidaian?
Normalean 7:30-8:00etan esnatzen nintzen. Bokatak eta freskagarriak prestatzen nituen, baita grabazioak egiteko ekipoa ere. Gosaldu eta gero, errepidera. Normalean etapa bakoitzean 100-130 kilometro egiten nituen. Arratsalderako ailegatzen nintzen aterpera, bertan gaua emateko. Arratsaldean hurrengo eguneko plangintza prestatzen nuen. Etapen bitartean, atsedenak hartzen nituen batzuetan.

Abentura osoa duzu gordeta, argazkiak eta grabaketak egin zenituelako…
Ibilbide gehiena bakarrik egin nuen eta nik neuk egin nituen argazkiak eta grabaketak. Hala ere, etapa batzuetan lagun batzuk etorri ziren nirekin eta lagundu egin zidaten. Grabaketak-eta helburu bikoitza du: alde batetik, nire esperientzia eta horren atzean dagoen lan neketsua betiko gordetzea eta jendeari erakustea; eta bestetik, dokumentalak eta eman ahal ditudan hitzaldiek lagunduko didate abentura ordaintzeko. Dagoeneko 30 saio egin ditut eta gehiago egitea gustatuko litzaidake. Jendea pozik ateratzen da, erakusten diedalako bidaiatzeko beste era bat, merkea eta polita. Ni prest nago edozein tokitara joateko: euskaltegietara, kultur aretoetara…. Gainera aurten liburua ere argitaratu nahi dut.

Beste abentura bat duzu buruan?
Ez dakit. Oso neketsua izan da bidaia, bai fisikoki, hainbat kilometro izan zirelako, bai psikologikoki, plangintza oso serioa izan zelako eta izugarrizko konpromisoa eskatu zidalako. Egin dudan moduko bidaia gehiagorik momentuz ez dut buruan, baina mendian ibili nahi dut, eta bertan disfrutatu, lana izango ez balitz moduan. Ildo horri jarraituz, mendiko lasterketetan hartzen dut parte eta bide honetatik jarraituko nahi dut epe laburrean.

Zer esango zenieke bidaiariei, gomendiorik aipatuko zenieke?
Nik esango nuke arreta jarriz gero, edozein tokik duela xarma. Adibidez, nik uste nuen Nafarroako Erriberako paisaia aspergarria izango zela, baina oso polita iruditu zitzaidan.

Bidaia luzea
Arkaitz duela 30 urte jaio zen Gipuzkoan, Lasturen, Deban. “Betidanik izan naiz kirolaria (bizikleta, mendia…) eta beti gustatu zait toki ezberdinak ezagutzea. Euskal Herrian zehar egindako bidaia urte askotako esperientzien ondorioa izan da. Leku oso politak ditugu Euskal Herrian, baina jendeak ez ditu haiek ezagutzen. Bestalde, erronka jarri nahi nion neure buruari eta leku zoragarri horiek guztiak lotu eta bidaia luze bat egitea erabaki nuen”. Guztira, 800 herri bisitatu, 175 mendate igo, eta 4.000 kilometro egin ditu Arkaitzek Euskal Herriko itzuli honetan.

Deja un comentario